XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Eta gu, etxe atarian, ia esku utsik.

- Utzi zazu dana, emakumea, bi edo iru eguneko kontua izango da ta!....

Amak bere gauzatxoak eraman nai; aita, berriz, beranduegi izango ote zan kezkarekin, biak asarretu ziran.

Tranbeko zentralaren aurrean bi bagoi jarri zituzten bide zabalean zearka, ta barruan eizeko eskopetekin dozena bat gizon zai.

Goia'neko, Zuñiga'neko, Garagorri'neko, bizi-lagun guziak beren seme-alaba, txakur eta gañerakoekin, oñez, beko plazatik ziar, kale berritik barrena, Ernani edo Lasarte bidean igesi....

Nere izebaren etxetik, Ernani'n (Perkaiztegi kalean, Portu aldera begira dagon etxe bat), Buruntza garbi-garbi ageri da.

Aita eguerdi arte ez zan azaldu.

Gizarajoa lorik egin gabe, erria galdu miñakin, erdi zoratua zebillen.

Ixtuitzan ia bera arrapatu zutela esan zigun, bañan ez zutela orren errez Buruntza artuko.

lzebari zituan itxas kataleju zar batzuek eskatu ta balkoitik mendi puntara begira egon zan luzaroan.

- Ez dek ezer ageri esaten zion osabari; oraindik an zeudek gureak....

Emendik ageri ez dan goibera batean zaudek.

Aita joan zanean, sapaldatik artu nituan, lau zatiko kataleju luze aiek belaunetan jarri ta atsalde oso-osoa mendi gallurrera begira egon nintzan, ia aita an ikusten ote nuan.

Eta or, udarako eguzki ori-gorria mendi tontorrean luzatzen asi zan garaiean, ikurrin bat eldu zan gain-gañera; ikurrin gorri-ori bat!.

Amari karraxi egin nion.